Agur jaunak... eta andreak Volver al listado

Publicada el 5 Dic 2015

Hauek dira abestiaren hitz berriak:

Agur Jaunak
eta Andreak
Agur t’erdi
Danak berdinak
einak gire
zuek eta
bai gu ere
Agur Jaunak
(e)ta Andreak
Agur t’erdi
hemen gire
Agur danak


Abestiaren jatorria.

Dirudienez, abesti hau XIX. mendean sortu zen. Antonio Peña y Goñi musikariak Felipe Pedrelli 1892an bidalitako eskutitz batean Errenteriako jatetxe batean Urtxalle pelotari ospetsuarengandik jasotako doinuaren berri ematen dio. Eta horrek 1892an bertan argitaratu zuen eskutitza eta "Euskaldun lotoskaria" partitura "Ilustración Musical Hispano Americana" aldizkarian.[1] Gipuzkoako Foru Aldundiak 1917ko abuztuaren 13an Mikeleten klarin-dei moduan onartu zuen. Jose Olaizola Gabarain musikariak sortu zuen abestiaren lehenengo bertsioa "Lapurdiko aspaldiko ehiza-kanta bat egokituta". Abestia 1918ko abuztuaren 1.an aurkeztu zen lehenengoz Loiolako Santutegian San Ignazio jaialdirako. Oso ezagun bihurtu zen hilabete bat geroago Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzako Bilkuran. Ignacio Perez-Aguirre eta Aita Donostia izan ziren doinuaren zabaltzeko eragile nagusiak gero.

Halere, sortzailea nor izan zen, hainbat bertsio dago; badirudi abestiaren sortzailea, zabaltzailea edo lehen omendu ezaguna izan zela Manuel Frantzisko Lekuona Urtxalle pilotari eta bertsolaria.  (ikus Argia astekaria, 2155. zenbakia (2008ko urriaren 19a).

Jose Luis Ansorena musikariak 1955ean doinu bera zuen Vienako aspaldiko melodia baten berri jaso zuen.


Hitzen beste bertsio bat
Argia astekariko 2155. zenbaki horretan kantuaren hitzen beste bertsio bat aurkezten da, oso sinesgarria dena.
"Agur Jaunak abesti ospetsuaren jatorriaz hiru bertsio daude, eta denetan Urtxalle dago tartean: batzuek diote Iparraldean entzun eta Hegoaldera ekarri zuela; beste batzuen esanetan Donibane Lohizunen jokatutako desafio batean beste pilotari batek berari kantatu zion; eta hirugarren bertsioari kasu eginez artista oiartzuarrak berak kantatu zuen lehen aldiz. Azken bertsio horren aldekoa da Joxe Mari Mitxelena Oiartzungo pilota ikertzailea, frogatzen duten dokumenturik ez izan arren, belaunaldiz belaunaldi transmititutako kontakizun hau delako datu gehien ematen dituena. Horren arabera, 1851n, Maulen elkarri desafioa bota zioten Urtxallek eta Mauleko Errotaria garaiko pilotari ezagunak –desafioak buruz burukoak izaten ziren, eta gero bakoitzak bere taldea osatzen zuen–. Orduan ere, Iparraldeko lau Oiartzungo hiruren aurka lehiatu ziren, eta orduan ere oiartzuarrak atera ziren garaile.
Jokalari oiartzuarrak etxera bueltatu ziren, baina gure artistak segituan hartu zuen Mauleko ostaturako bidea. Herritarrak gonbidatu eta gitarrarekin giroa berotu zuen. Erretiratzeko orduan, Mauleko Errotariari bota omen zion kanta famatua, jatorrizko hitzak denborarekin apur bat aldatu badira ere:
Agur Jauna,
(aurkariari zuzenduz, Mauleko Errotariari)
Jaunak agur,
(ostatuko gainontzekoei)
Agur t´erdi.
Denak Jainkoak
iñak gire
(“iñak” Oiartzunen esan ohi den moduan, “gire” zuberotarrez)
zuek eta bai ni ere.
(Urtxalle Jainkoa zela esan ohi zen, pilotan baldintza beretan beti irabazi egiten zuelako. Bera ere, gainontzekoen moduan, hezur eta haragizkoa zela esan nahi zuen horrela)
Agur, Jaunak, Agur
Agur t´erdi hemen gire."


Jose Luis Ansorena "El "Agur Jaunak" nació en Rentería", Txistulari aldizkaria 102 (1980), orr. 15-17
Jose Luis Ansorena "El "Agur Jaunak" nació en Rentería", Txistulari aldizkaria 102 (1980), orr. 15-17
Ansorena Miranda, Jose Luis (1999), «Procedencia de algunas melodías populares vascas (Euskal abesti herrikoi batzuen jatorria)», Txistulari 179 (orr.: 5-13).