Javier Alberdi
Javier Alberdi Donostian jaio zen 1964an. Musika ikasketetan tiki-txikitatik hasi zen hiriko kontserbatorioan. Bertan Esteban Elizondo eta Tomás Aragües izan ziren bere irakasleetako batzuk. San Ignazio abesbatzan Pablo Garayoa-ren zuzendaritzapean ibili zen. 1979tik 1998ra bitarte Donostiako orfeoian aritu zen tenor moduan Antxón Ayestarán eta José Antonio Sainz Alfaro maisuen zuzendaritzapean. Kantu ikasketak egin zituen Herminia Laborde-rekin eta Almudena Ortega-rekin, eta hainbat kontzertutan jardun zuen solista gisa.
Aita Donostia abesbatzako zuzendaria da 1990etik. Talde honekin eratu du bere zuzendari nortasuna eta hortik etorri dira lortu dituen sariak: 1993an Autol-eko (Errioxa) lehenengo saria adibidez. Atzerrira ere egin ditu bidaiak, eta horietan aipagarriak dira Castres-en (Frantzia) eskainitako kontzertua eta 2006an Argentinan zehar egindako bira.
Kea Ahots Taldea-ko kidea da, Euskal Herriko musika garaikideaz esklusiboki jarduten duen ahots talde bakarra da Enrique Azurza-k zuzentzen duen talde hori.
1998tik Aita Donostia Aste Musikalaren zuzendari artistikoa da, Donostiako musika-giroan presentzia garrantzitsu bat lortu duen jaialdia.